Ugaoko Kiskaiu, inauterietako maskota bat baino gehiago
2022-03-01
Ugaoko ikastetxe publikoko IGEak urteak daramatza herriko inauteriak antolatzen Udalarekin batera, eta egiten diren jardueretan parte hartzen. Kiskaiu maskota nola jaio zen kontatu digu guraso-elkarteak. Urtero Ugao-Miraballeseko ikastetxeko IGEak udalarekin elkarlanean antolatzen ditu inauteriak. Ugao-Miraballes 4.000 biztanle inguru duen herria da. Guztiek ezagutzen dute elkar eta guraso-elkarteak udalerriko jai batzordean eta kultur ekitaldien antolaketan laguntzen du. Historikoki, IGEak beti antolatu ditu herriko umeentzako jolas tradizionalak inauterietako arratsaldeetako batean. Duela hamar urte, ordea, jaiak dinamizatzeko eta parte hartzaileagoak egiteko beste zerbait egitea proposatu zion IGEak udalari: inauterietako asteartean sardinaren ehorzketa egitea, inauterien amaiera gisa. Gure herriak ez du itsasorik, baina ibaia du. Horregatik, sardina ibai-arrain bihurtu zen. Kiskaiu lehenengo egunetik herriko inauterietako ekitaldi guztietan egoten da. Eskolako ikasleen desfilearekin hasten dira inauteriak, herriari kolorea eta alaitasuna emanez. Horretaz gain, Kiskaiuri gurpilak jartzea erabaki zen, desfilean parte hartu ahal izateko. Une horretatik aurrera, IGEa ez ezik, eskola eta ikasleak ere parte hartzen hasi ziren Kiskaiuren eraikuntzan. Haurrek arrainaren zatiak egiteko tailerrak antolatu ziren (adibidez flekoak edo abanikoak erabiliz) eta ondoren IGEak egituran jartzen zituen ezkatak sortuz. Ikasle bakoitzari marrazki bat ere ematen zitzaion, nahi bezala apaindu eta gero Kiskaiuren ondoan jar zezan, elkarlana gero eta gehiago sustatuz eta gure Kiskaiu Ugaoko inauterietako maskota bihurtuz.
Inauteri egokituak Aurten, seigarren olatuaren gailurrean geunden inauteriak antolatzen hasi ginenean. Horregatik, lagun asko bilduko ez zituzten ekitaldiak antolatzea erabaki genuen. Beraz, bertan behera geratu ziren Kiskauiren erretzea eta desfilea. Inolako zalantzarik gabe, egoerara egokitu eta Kiskaiu oso modu berezian egotea erabaki zuen elkarteak: eskolako haurrek egingo zuten. Hala, 16 kiskaiuk gure herriko eraikin ofizialak kolorez bete dituzte. IGEak dena prestatu zuen haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako maila bakoitzeko kiskaiu bat egiteko: marrazkia formatu handian egin, inprimatu, mosaiko moduko koadroetan banatu eta zatiak gelen artean banatu ziren. Ikasleek, tutoreekin batera, nahi bezala apaindu zituzten. Talde bakoitzak kiskaiuaren zati bat apaindu ondoren, IGEak 16 mosaikoak batu eta muntaia egin zuen askotariko kiskaiu originalak sortuz! Udaletxean, Jane Jauregian eta kultur etxean jarri zuen, guztion artean egindako lana ikusgai egoteko. Eta datorren urtean? Ikusiko dugu! Guztion artean zerbait bururatuko zaigu tradizioarekin jarraitzeko!