Urdaneta eskola publikoko ikasleen bisita Ordiziako Azokara

2024-11-06

Ordiziako Urdaneta eskola publikoko komunitatea beti egon da adi ikasleen elikadura ohiturei; izan ere, azken hiru urteetan hitzaldiak, sukaldaritza tailerrak eta elikadurarekin lotutako jarduerak jarri ditu martxan. Ildo horretan, joan den astean, bertako ikasleek Azoka bisitatu zuten. Azoka, inguruko ekoizleen produktuak erosteko lekua izateaz gain, astero etorkizuneko kontsumitzaile eta erosleak hezteko gune bihurtzen da.

Oso gustura egon ziren eta bertan biltzen diren postuetako saltzaileei galdera desberdinak egiteko aprobetxatu zuten. Jose Antonio Elosegiri, adibidez, sagarrei buruz, produktu horrekin joaten baita astero azokara. Zeraingo Iñaki Insaustiren postutik ere pasatu ziren, eta han ikusi eta haien arreta erakarri zuten egur zizelkatze lanetan. Seguran bizi den Daniel Bonikowsky lagunak egindako Madeinsegura markako lanen aukeraketa bat erakutsi zien. Bonikowskyk egurrezko xafletan edo trontzazko xerratan grabatzen ditu argazkiak eta Intxaustik azokara eraman ditu bere lana ezagutzera emateko.

Inguruko mendietan urriak dira oraindik, baina Ordiziako azokan perretxiko ugari daude, eta mota guztietakoak gainera, barazki ekologikoen antzera. Nobedadeak fruta-dendetara ere iristen dira, baina azokan dena desberdin ikusten da, askoz erakargarriagoa bisitatzen duten neska-mutil hauentzat.