Urola Kostaldeko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma aurkeztu dute
2023-04-27
Urola Kostaldeko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma sortu dute Aia, Aizarnazabal, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaiako eskola publikoetako hezkuntza komunitateek. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten egitasmoa Orioko Salatxo aretoan, eta azpimarratu zuten Urola Kostako hezkuntza publikoak “kalitatezkoa, denona, denontzako, euskalduna, laikoa eta aniztasunean eta hezkidetzan konprometitua” den zerbitzua eskaintzen duela. Hala, Lardizabal Herri Eskola, Basakaitz Herri Eskola, Iturzaeta Herri Eskola, Orokieta Herri Eskola, Oikiako Eskola, Zumaiako Herri Eskola, Zaragueta Herri Eskola, Lizardi BHI-k eta Zumaia BHI-k “ikasle guztien hezkuntza integrala eta gizarte kohesioa bermatzen” dituztela azpimarratu zuten, eta “Urola Kostako euskal eskola publikoaz harro” daudela aldarrikatu.
Hala ere, etorkizunari begira “datu kezkagarriak” badirela uste du plataformak. Alde batetik, adierazi zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako “jaiotza tasa jaisten” ari dela; eta bestetik, kezka agertu zuen Hezkuntza Lege Berriak “eskola publikoaren beharrei ez” dielakoan erantzuten. “2022ko urte hasieran, Eusko Legebiltzarrak alderdi politiko nagusien adostasunarekin hezkuntza akordioaren zirriborra aurkeztu zuen. Zirriborro hori izango da, emendakinak jaso ondoren, hezkuntza lege berriaren oinarria. Honek egun indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoaren Legea ordezkatuko du, baina uste dugu lege berriak egungo gizarteak hezkuntza mailan dituen zailtasun eta beharrei erantzun egokirik eman gabe jarraitzen duela”, adierazi zuten talde sortu berriko kideek. Hain justu, kezka horri erantzuteko sortu dute Urola Kostaldeko Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma eta adierazi dute eta honako helburuak betetzeko lan egingo dutela:
-Administrazio publikoek Urola Kostako eskola publikoa erdigunean jartzea lehenesteko.
-Administrazio publikoek Urola Kostako eskola publikoak behar dituen baliabideak exijitzeko.
-Gizarte justu eta inklusibo bat lortzeko bidean, ikastetxeen arteko segregazioa eragiten duten erabakiak desagerrarazteko.
-Eskualdeko euskal eskola publikoek ikasleen eta familien euskalduntze prozesuan egiten duten lanari balioa emateko.
-Eskualdeko haur-eskolek 0-2 urte arteko haurren heziketan duten garrantzia azpimarratzeko, eta hauen beharrezko baliabideak eta zerbitzuaren doakotasuna exijitzeko.
-Eskualdeko hezkuntza zentroetako jangela zerbitzuetan, eskualde mailako kudeaketaz gain, gertuko eta kalitatezko lehengaiekin eginiko otorduak eskaintzeko.
-EAEko hezkuntza akordioaren zirriborroarekiko desadostasuna adierazi eta berau alda dezaten eskatzeko.
Hori horrela, Urola Kostaldeko Eskola Publikoaz Harro plataformak hitz eman du “hitzak ekintza bihur daitezen” lan egingo duela, Urola Kostaldeko euskal eskola publikoaz “harro” dagoelako.