Usandizaga Institutuko DBHko ikasleak eta EHUko ikertzaileak bat egin dute mikroplastikoei buruzko azterlan batean

2023-06-16

Mikroplastikoen irismenean sakontzeko, ikasturte honetako hirugarren ebaluazioan Usandizaga BHIko hirugarren mailako ikasleek Leioako EHUko ikertzaileek egiten ari diren azterlan batean parte hartu dute. “Ideia ikastetxeko tutoreek Komunitatearen Zerbitzurako Proiektuak irakasgaiaren barruko azken ebaluazioan aztertuko genukeen proiektua erabakitzeko egin genuen bileran sortu zen. Klima-aldaketa eta kutsadura gero eta gai kezkagarriagoak dira, eta Leioan garatzen ari ziren mikroplastikoei buruzko ikerketaren berri izan genuenean, oso aukera interesgarria iruditu zitzaigun gai horretan sakontzeko”, azaldu du Garazi Uribe zentroko tutoreak.

Hala, astean ordubetez, ikasleek mikroplastikoak aztertzen jardun dute: zer diren, nondik datozen, nola sailkatzen diren, etab. Eta teoriaren ondoren, maiatzeko bigarren astean iritsi zen hondakinen bilketa, talde txikitan eta hainbat egunez Donostiako hiru hondartzetan (Ondarreta, Kontxa eta Zurriola).